Zornotzak, izen ofiziala Amorebieta-Etxano duen herri honek, 17.000tik gora biztanle ditu eta hazten ari da azken urteotan; Bizkai erdi-erdian kokatuta dago, Ibaizabalek zeharkatzen du, Bilbo, Durango eta Gernikatik hurbil dago, eta komunikazio-gune egokia denez, hainbat sektoretako enpresek hautatu dute lantegia eraikitzeko: metalgintza, aluminio eraldaketa, kimika, egurraren industria... Baina lana eta ekonomia guztia ez denez, kulturak eta aisiak ere badute beren tokia: kirol-instalazioak, Zornotza aretoa, Zelaieta zentroa, eta noski, herriko elkarte eta taldeek ematen dioten agenda trinko eta bizia (musika, nazioarteko krosa, arte erakusketak, kontzertuak, jaiak...). Euskararekin eta euskal kulturarekin gure herriak betidanik izan duen lotura ez da galdu, eta horren seinale duela 40 urte luze hainbat guraso eta irakasleren ahaleginez, maitasunez, amorez sortu zen Andra Mari ikastola, bere 400 ikasleekin. Andra Mari ikastolak bere proiektua finkatu nahi du, eta orain lehen urtetako ikasleekin osatzen ari den 2. lerroa behar bezala hartzeko egungo eraikina, duela mende laurden eraikia, zabaltzea tokatzen da. Ikastolak herrian betidanik izan du presentzia, eta herria hazten ari den bezala Ibilaldiarekin aurrerapauso itzela egingo du. Guztion esku dago!